
Landa-eremuko Emakumeen Munduko Eguna dela-eta, emakume baserritarrak aitortzeko ekitaldi bat egin du Bizkaiko Foru Aldundiak. Ekitaldi horretan honako hauek parte hartu dute: Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko foru-diputatu Arantza Atutxak, Landa XXI.eko presidenteorde Nieves Martínez de Morentinek, Etxaldeko Emakumeak elkarteko kide Amets Ladislaok eta Saskiako presidente Lorea Momeñek. Topaketan, nabarmendu egin dira emakumeek Bizkaiko landa-ingurunearen garapenean duten zeregina, lurraldeari eusteko egin duten ekarpena eta azken hamarkadetan nekazaritza-sektoreak bizi izan dituen eraldaketak.
Bizkaian, gaur egun, 4.799 emakume daude nekazaritza-ustiategiei lotuta, titular, titularkide edo bazkide gisa. Haietatik, 3.491 titular ordezkari gisa ageri dira, 90 titularkide gisa, eta 767 emakumek beste harreman bat dute ustiategiarekin (ezkontideak, amak edo alabak). Pertsona juridikoek kudeatutako ustiategien kasuan, 123 emakume bazkide ordezkariak dira, eta 328 emakume, berriz ez dira ordezkariak. Azken bost urteetan, emakumeen presentziak hazkunde txiki bat izan du. 2020an baziren emakume bat titular zuten 3.385 ustiategi; 2025ean, berriz, halako 3.593 ustiategi daude; beraz, % 6ko igoera izan da. Emakumeak buru dituzten autokontsumorako ustiategiak ere ugaritu egin dira: 2020an 2.106 ziren; 2025ean 2.404 dira. Ustiategi motaren arabera, mistoak dira ohikoenak merkatura bideratutako ustiategiak dituzten emakumeen artean; emakume abeltzainak, berriz, nagusi dira autokontsumorako ustiategietan. Bi kasuetan, abeltzaintza-orientazioa da nagusi oraindik ere. Emakume titularren batez besteko adina 63 urte da, eta ez dago alde nabarmenik merkaturako edo autokontsumorako ustiategien artean. Datu horrek agerian uzten du belaunaldi-erreleboan lan egiten jarraitu behar dela.