Atzo, urtarrilaren 28an, ENBA nekazal sindikatuak bere XXVI Batzarra ospatu du Urnietako Salesiarren Ikastetxean eta bertan elkartu zen jende ugari, baserritarrak, lagunak, sektoreko eragileak eta herri agintariak, besteak beste, Mikel Pagola Urnietako alkatea, Xabier Arruti Gipuzkoako Nekazaritzako Foru zuzendaria, Arantza Ariztimuño, Menditako Foru Zuzendaria eta Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako sailburuordea.
Sarrerako salutaz gain ENBA nekazal sindikatuak elkarteko eta ENARO kooperatibako dirukontuak onartu eta bere estatutuen eguneraketa onartu zuen, nekazaritza alorreko enpresari elkartea den neurrian lan alorreko gaietan jarduteko eta bestetik, baserriko emakumearen berdintasuna, babesa eta sustapena bereganatuz.
ENBAko presidentea den Iñaki Goenagak sektoreak bizi duen egonkortasuna eta giro onaz baliatzea proposatu zuen, sindikatua indartzeko eta bide batez bere plan estrategikoa egiteko, etorkizunerako lan ildoak finkatuz eta sektorean bizi diren gainuntzeko eragileekin elkarlana jorratuz. Bestalde, Goenagak, Europako Nekazal Politikaren erreforma berriaren atarian gaudenez, Euskadiko nekazal sektoreak etorkizuna izan dezan, gure sektorea gizartearen nahia eta helburu berriekin lerrokatzea proposatzen du eta horretarako ezinbestekotzat jotzen du elikadura osasuntsua, klima aldaketaren aurkako borroka, ingurumenaren zaintza, gastronomia, etb bezalako gaiak jorratzea eta gure sektorearen norabidea helburu horietara bideratzea.
ENBAko presidenteak aurkeztutako azpisektore ezberdinetako prezio eta ekoizpeneri buruzko txostena
Atzo, Urtarrilaren 28an, Urnietan ospatutako batzarraren azken zatian, ENBA nekazal sindikatuak BASERRITARRON LAGUNA saria eman zion Euskal Telebistako SUSTRAIA saioari, belar meta irudikatzen duen eskulturatxoa jasotzen Josu Butron zuzendaria eta Luis Mari Bengoa aurkezle ohiak izan zirelarik.
Sariaren bitartez, ENBA sindikatuak, telebista saioak azken 28 urteotan gure baserriak eta nekazal sektorearen irudia goratzen egindako lana eskertu nahi izan du eta sektorekoak nahiz sektoretik kanpoko jende eta eragileen arteko indar metaketa aldarrikatu..
Ostiralean, urtarrilak 12, Hernanin Orona Fundazioak duen auditorioan "2020tik aurrerako NPBren erreformaren klabeak" izeneko ihardunaldia ospatu zen, bai jende aldetik, 150 lagunen bat, bai hizlarien maila gorena kontuan izanik, zeharo arrakastatsua izan zela esan dezakegularik.
Ihardunaldiaren irekiera, Gipuzkoako ENBAko presidentea den Iñaki Goenagaren eskutik egin zen eta bere atzetik, Eusko Jaurlaritzako nekazaritzako sailburuordea den Bitto Oroz jardun zen Europako Batzordearen komunikazioaren aurrean Jaurlaritzako posizionamendu ofiziala azalduaz. Orozen esanetan, NPBren ibilbide berrian, Europako eskualdek protagonismo haundia behar lukete izan eta honenbestez, aipatzen diren NPBko plan estrategikoak egiteko eta defendatzeko ahalmena aldarrikatu zuen. Halaber, egungo legedian oinarrituta, NPB berrian estatu mailan subsidiaritatean sakontzea eskatu zuen, beti ete, nahi eta eskumena duenen artean.
Saliburuordearen ondoren, Europako nekazal politikan aditua den Tomás García Azcárate CSICeko ikerlaria aritu zen, bere hitz jario eta modu errazean, gaur egun Europak bizi duen duda-muda eta zalantza egoeraren berri emanaz, NPB berria onartu behar duenean nahiz ekonomia nahiz politika alorretik hain hodei beltzak ditugunean.
Kafea hartu ahala, Europako legebiltzarreko 4 ordezkariekin oso mahainguru dinamiko eta interesgarria ospatu zen, Euromontanako presidentea den Juanan Gutierrezen gidaritzapean. Izaskun Bilbao jeltzaleak, Europa mailan gobernantza eredu berria aldarrikatu zuen non estatu gabeko herrientzat subsidiaritatea sustatzen den. PP alderdiko Esther Herranzek zalantzan jarri zuen erreformaren beharra bere ustean ez baitago ez denbora lan txukuna egiteko eta onartu berri den Omnibusa aplikatzen hasi gabe dagoelako. EHBilduko Josu Juaristi bestalde, nekazaritzako ereduaz jardun zen eta erabakitzeko unean, estatu pare jarriko gaituen independentzia proposatu. Azkenik, PODEMOSeko Estefania Torresek, europatik sustatu beharreko nekazaritza eredua klima aldaketaren aurkako borrokarekin lerrokatu beharko luke.
Ondoren, Euskadiko nekazal azpi sektoretako 4 ordezkari izan genituen: Inma Iriondo, artzaina eta gazta-esnekigilea; Pablo Durana, zerealista eta Euskadiko Nekazal kooperatibetako presidentea, kooperatiben betebeharra azpimrarratuz; Mikel Txueka, txakolingilea eta Txomin Etxaniz bezalako upategietan ematen ari den belaunaldi aldaketako eredua eta Mikel Arteaga, esne ekoizleak, gero eta merkatu zabalagoan kooperatibek bete beharko luketen papera aldarrikatuz.
Ihardunaldi ixteko, Gipuzkoako foru diputatua den Ainhoa Aizpuru izan genuen, baserritarren sektorearentzat babes mezu garbia azalduz eta eguna borobiltzeko, Diametro 200 jatetxekoek zerbitzatutako luntxaz gozatu genuen, Fundazioko atarian bertan.
Ihardunaldiak LABORAL KUTXA, Mercedes-Benz eta Eusko Jaurlaritza - HAZIren babesa jaso du.
ENBA nekazal sindikatuak, BASERRITARRON LAGUNA sariaren hirugarren edizioan SUSTRAIA telebista saioa sarituko du bere 28 urtetako ibilbide luze eta oparoan (lehen emisioa 1989ko apirilaren 8an izan zelarik) baserria eta baserritarren bozgorailua ezinhobea izan delako, baserriko errealitate aldakorraren berri emanaz eta hiritargoan landagunekiko sentiberatasuna lantzeko tresna aproposa izanik.
Telebista saioa, bere estilo lasai eta patxadatsuarekin, izaera dibulgatiboarekin, bidelagun ezinhobea izan dugu lehen sektorearen irudia euskal gizarte osoarengana helarazteko garaian.
Saria Urtarrilaren azken igandean, urtarrilaren 28an, Urnietako Salesiarren Ikastetxean ospatuko dugun ENBAren Batzar Orokorrean banatuko dugu.
Kalean da ENBA zldizkariaren 209. zenbakia, hain zuzen ere, neguko alea. Bertan irakurtzeko moduan dituzu 2020tik aurrerako NPBri buruzko Ihardunaldiaren xehetasunak, indarrean jarri berri den Omnibus Erreglamenduaren informazio zabala, Xylella fastidiosari buruzko artikulu bikaina, Asteasuko GOINE gaztandegiari buruzko erreportaia, Autonomoen Lege berriari buruzko informazioa eta ohiko atalez gain, nahiz Bizkaia nahiz Gipuzkoako orrialdeak.