San Ixidro bezperan sinatu zuten, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Enirio-Aralar Mankomunitatearen arteko akordioa 2025-2035 eta sinaduraren aktoa gizarteratzerakoan, bi erakundeen artean azken urteetan izandako liskarrak eta tirabiren amaiera irudikatu nahi izan zen.
Akordio politikoa irakurri eta berarekin batera doan “Enirio-Aralar Mankomunitateko lurraldea antolatzeko plan orokorra (2025-2035)” izeneko dokumentua aztertu ostean, Gipuzkoako ENBA nekazal sindikatuak honako balorazioa egiten du:
1- Positibotzat jotzen dugu, azken urteetan bi erakundeen artean izandako liskarrak eta tirabirak amaitzea, elkarlana bideratzea eta datozen urteetarako, Enirio-Aralarko eremuan egingo diren lan eta aktuazioen gida izatea.
2- Akordioa izatea eta elkarlana bideratzea oso positiboa da, baina, akordioa eta plana aztertzean, berehala jabetzen gara ez dela nahikoa, hau da, positiboa baina eskaxa dela, are gehiago azken urteetan bai gure sindikatuak bai abeltzainen koletibotik mahaigaineratutako beharrak kontuan izanik.
3- Plan orokorrak 10 urteko epea finkatzen du bertan finkatutako helburuak betetzeko, besteak beste, artzaien txaboletara eta goiko larretokietara sarbideak egiteko eta gure ustean, azken urteetako geldialdiari, beste hamar urte eranstea, gehiegizkoa da, are gehiago, kontuan izaten badugu, administrazioko plangintzen kunplimendua atzeratu egin ohi dela.
4- Plan orokorrean 3 bide bakarrik aurreikusten dira (Arritzaga, Elutseta eta Pagabe) eta gure ustean, oso motz geratzen dira, abeltzainek dituzten eta markatu zituzten beharrekin aldenduz gero. Sarbideei dagokionez, ENBAren ustean, 2015-2019 kudeaketa planean jasotzen ziren sarbideak ezinbestekoak dira, hala nola, Goroskintxuko bigarren fasea Saltarriraino luzatzea, Ariñate-Igaratza “V” deritzoguna osatu, Pardeluts, Latosa, Zotaleta, Pagabe eta Egurral (tarteko Beltzulegi barne).
5- Kezkagarritzat jotzen dugu, beste behin, plan orokorrean abere espezien arteko borroka planteatzea, hau da, ardi,behor eta behien artekoa eta ENBAren ustean, horrelako planteamendurik ez dute zentzurik, mendiak jasan dezakeen abere zama gainditzen ez den bitartean eta mendia, azienda bitartez, modu orekatuan egiten den heinean.
6- Azkenik, Plan Orokorra abeltzain guztien aurrean aurkeztea eta aztertzea eskatzen dugu, bere tramitazio ofizialari heldu baino lehen behintzat.
2025-05-20