Ospakizunean gure sozioekin eta lagunekin elkartu nahi dugu jai giroan baina aldi berean, etorkizunari begiratuz.
Esan bezala, ospakizunean, gure erakundeetako agintariak eta barneko gaiaz gain, aurtengoan NPB-PAC jorratu nahi dugu eta horretarako hainbat adituekin eta baserritarren partehartzea izango dugu.
Egitaraua:
- 11tan. Irekiera:
+ Jorge Segurado (Urnietako Alkatea)
+ Jabier Larrañaga (Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko diputatua)
+ Arantxa Tapia (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua)
- 11,30. ENBA eta ENARO kooperatibaren 2020 urteko kontuak. (bazkideentzat soilik)
- 12,00. La Nueva PAC 2023-2027. Ignacio López-Asenjo. ASAJAko Nazioarteko gaietarako zuzendaria
- 12,45. La PAC desde la perspectiva vasca mahaingurua
* Mikel Arteaga. Baserritarra
* Inma Iriondo. Baserritarra
* Jorge Garbisu. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako zuzendaria
* Ignacio López-Asenjo. ASAJAko Nazioarteko gaietarako zuzendaria
- 14,00. Ekitaldiaren amaiera. Iñaki Goenaga. Gipuzkoako ENBAko presidentea
- 14,30. Elkartasunezko bazkaria Oianume Jatetxean
Eguna: Irailak 15, asteazkena
Lekua: Urnietako SALESIARRAK ikastetxean
* Batzarrerako eta bazkarirako aurrez izena ematea komeni da (Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. / 943.650123)
Bihar, Irailak 8, Euskal Jaietako dataz balaituta, Ordizian Ardi Latxaren edo Karrantzakoaren esne gordinez egindako Gazta Txapelketa eta enkantea ospatuko da, baserritarrentzat eta bereziki artzainentzat egun garrantzitsua, Idiazabal Jatorrizko Izendapeneko gaztaren aldeko ekimen ospetsuenetakoa izanik, gizartearengan oiartzun haundiko jaia den neurrian.
Ordizia, aspalditik izan da bai artzantza bai gaztagintzaren erreferentzi nabarmena eta bertako Udalaz gain, azpimarratu beharrean gaude, Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiaren lana.
Bestalde, Ordiziako udala Enirio-Aralar Mankomunitateko burua den neurrian, aitortu beharrean gaude, Ordizia ez dela berri bakoirren iturri ez eta, artzantza eta gaztagintzaren alde jarduten.
Horren islada dira azken 2 urteotan daraman estrategia, abeltzainek aldarrikatutako azpiegiturak alboratuz eta beste horrenbeste izan zen, uztailaren 28an ospatutako Enirio-Aralar Mankomunitateko batzarra non 2021rako inbertsio proposamena bozkatu eta onartu zen, hain zuzen ere, abeltzainentzat hain garrantzitsuak diren inbertsioak alboratuz, hala nola, xehaketak, Saltarriko bidearen bukaera eta bide gatazkari irtenbidea emango liokeen Bide Azpiegitura plana kontratatu gabe.
ENBAren ustean, Ordiziak burutzen duen Enirio-Aralar Mankomunitateak hitz politak, borobilak eta potoloak zabaltzen ditu lau haizetara baina bere egunerokotasunean mendiko abeltzaintza eta artzaintzari bizkarra eman besterik ez du egiten.
Azkenik, ENBAtik Ordiziako udalari eta bere alkateari eskatzen diogu, Ardi Latxaren edo
Karrantzakoaren esne gordinez egindako Gazta Txapelketa eta enkantea antolatzean agertzen duen lehen sektorearen aldeko apustua zabaldu dezala Mankomunitatera, mendiko abeltzain eta artzainen aldarrikapenak lehenetsiaz.
Abeltzaintza sektoreak ezin du jasan animalien elikaduraren eta, bereziki, pentsuaren kostuaren igoera neurrigabea, mundu mailan funtzionatzen duen merkatu erabat espekulatiboan zerealen balioa handitu delako.
2020an, batez ere, txerri eta hegazti azienden pentsuak izan ziren igoerak izan zituztenak, baina azken sei hilabeteetan ikusi dugu igoera behi eta ardi azienden pentsuetan ere gertatu dela, bai haragitakoetakoek, bai esnetakoek erabiltzen dituztenetan. Igoera %20koa izan da, gutxi gorabehera, eta hazkunde horrek are gehiago areagotu du sektorearen egoera delikatua. Esnearen eta haragiaren prezioa ere jaitsi egin da, eta arazoak daude pasteroak eta errapeko txahalak kentzeko.
Mundu mailako pandemiaren egungo testuinguruan, mugikortasun mugek, ostalaritza eta jantoki kolektiboen itxierak eta abarrek ekarri dute elikagaien eskaria nabarmen handitzea distribuzioan, eta, horren ondorioz, kate horiek gorakada handia izan dute, bai fakturazioari dagokionez, bai etekinei dagokienez ere.
Paradoxa bat gertatzen da: fenomeno hori bera ez zaie ekoizleei helarazi, eta horiek ez dute isla positiborik izan emaitzen kontuan, inoiz baino elikagai gehiago saldu den arren. Distribuzioak industria eraldatzailea estutzen badu, horrek gauza bera egiten du abeltzainekin eta nekazariekin, ez baitute beren produktuen prezioa hobetu. Hori dela eta, abeltzaintza sektoretik industriari eta banaketari eskatzen diegu gure produktuengatik ordaintzen diguten prezioak eguneratzeko eta salmenta prezioak eguneratzeko (produktu erakargarri gisa erabiltzen diren kasuan), abeltzaintza sektorearen errentagarritasuna bermatuz horrela.
EHNEtik eta ENBAtik apustu egiten jarraitzen dugu, orain inoiz baino gehiago, Elikagai Katearen Legea behin betiko onar dadin, gardentasun handiagoa emateko, orekatzeko, katebegi guztiei errentagarritasuna emateko, gehiegizko jardunbideak galarazteko, ekoizpen-kostuak ezartzeko eta gure produktuak entregatzeko orduan kontratuak eskatzeko.
Azkenik, badakigu sektorea ezin dela koiunturazko laguntzen bidez mantendu, eta, beraz, arazoaren sustraietara doazen beste egiturazko neurri batzuk behar direla, besteak beste, mundu mailako espekulazio jardunbideak debekatzea.
Baserritarrek egindako ESNE MARTXAN sektorearen eta produktuaren duintasuna aldarrikatu dute, esne katean guztiz erabakiorra den distribuzioaren aurrean
Sindikatuon ustez, 0,70 eurotan legoke esnearen gutxieneko salneurria
Gaur goizean, Abuztuak 25, dozenaka ibilgailuk, hogei traktore aurretik eta kotxe ugari atzetik, hartu dute parte ENBA eta EHNE sindikatuok deitutako ESNE MARTXAn. Usurbilgo URBIL merkatalgunetik abiatu gara eta Hernaniko herrian dauden hainbat denden aurretik ibilbidea egin ostean, Galarretako gunean amaitu dugu.
ESNE MARTXAren amaieran, baserritar ugari aurrean, sindikatuen presidenteek hartu dute hitza, EHNEtik Garikoitz Nazabalek eta ENBAtik Iñaki Goenagak. Bi arduradunek esne sektoreak bizi duen egoera larriaren balorazioa egin eta azken asteotan egindako lanaren berri eman diete bertaratutako baserritarrei.
Ekainaren 14an, pentsua eta gainontzeko kostuen igoerak (argindarra, gasoleoa,…) sortutako itomena salatu genuen Donostiako erdigunean eta geroztik, azken asteotan, bi sindikatuok, distribuzio kate ezberdinekin bildu gara, esne sektorearen egoera larriaren berri emateko eta euren posizionamendua ezagutu asmoz.
Hitz politak izan ditugu baina emaitzarik apenas, eta eman direnak, positiboak izan arren, oso motz geratzen dira, esne ekoizleak bizi duten krisi sakona kontuan hartzen badugu.
Gaurko ESNE MARTXArekin esne kateak bizi duen egoera larria islatu nahi izan dugu, gure martxaren jomugan distribuzioa finkatuz, distribuzio kate ezberdinek, bakoitzak bere merkatu kuotaren araberako ardurarekin baina guztiek ardura dutela azpimarratuz, beren salneurri baxuko politikarekin esne katea itotzen baitute eta bereziki, esne kateko katebegi ahulena den ekoizlea.
Distribuzioaren papera zein den eta duen garrantziaz jabetu gaitezen 3 datu azpimarratu nahi genituzke:
Bat, estatuan saltzen den esnearen %92a antolatutako merkataritza edo distribuzioko formato ezberdinetan saltzen da, hau da, ia esne guztia distribuzioaren eskuetatik iristen da kontsumitzailengana.
Bi, Espainiako Ministeritzako Prezioen Behatokiak egindako azterketak, orain gutxi esnearen salneurria 0,68 eurotan finkatu du (2020ko udazkenean pentsuak izandako igoera kontuan izan gabe).
Hiru, estatuan saltzen den esnearen ia %45a, 0,60 euro azpitik saltzen da, hau da, Behatokiak ezartzen duen salneurriaren 0,08 – 0,10 euro azpitik. Eta bestetik, egoera hau azaltzen duen faktorea distribuzio markek (marka zuriek) duten pisua da, esne munduan esnearen %56a baitira.
Beraz, hiru datu horiek ikusita, argi geratzen da, distribuzioa eta euren esne marka propioen salneurri baxuak direla gaur egun bizi dugun egoeraren giltzarrietako bat.
Honenbestez, EHNE eta ENBA sindikatuok distribuzio kate guztiei exijitzen diegu, bakoitzak bere merkatu kuotaren araberako ardurarekin, egokitu ditzatela euren salneurriak, esne kate osoko kostuak estaltzeko moduko salneurriak ezarriz eta bereziki, baserritarren errentagarritasuna bermatzeko eta gauzak argitze aldera, Espainiako Ministeritzako Prezioen Behatokiak egindako azterketa oinarri hartuta, esnearen gutxieneko salneurria 0,70 eurotan finkatuz.
Azkenik, distribuzioaren papera eta garrantziaz gain, EHNE eta ENBA sindikatuok dei berezia egiten diegu Euskal Herriko kontsumitzaileei beren aldetik ere esne duinaren aldeko apustua egin dezaten, beren eskutan baitago, neurri handi batean, bai esnetako baserritarren etorkizuna bai baserritarrek kudeatzen duten lursail eta beren herrietako paisaiarena ere.
Gaur goizean, ekainak 6, izandako Konzentrazioan plazaratutako adierazpena
Jon Zubizarretaren behia erahiltzean, Aralarko abeltzaintza erasotu nahi izan dute.
Asteartean, Ekainak 2, Aralarko mendian izandako gertaera beldurgarria eta penagarriaren berri izan genuen, alegia, behi bat tiroz jota akabatu dutela.
Aberea, Abaltzisketako Jon Zubizarretaren jabetzakoa zen eta Aralarko mendi inguruan gabiltzanok, ondo asko dakigu, Jon ez dela abeltzain bat gehiago, beregan elkartzen baitira Aralarko mendiaren aldeko pasioa, abeltzaintza eta abeltzainen aldeko defentsa sutsua eta bere herriaren aldeko konpromezua.
Beraz, tiroa jotzeko erabakia hartu zuenak, ondo asko zekien nora apuntatu, behia botatzearekin batera, jakitun zen, Aralarko mendia eta bertako abeltzainak mindu nahi zituela.
Gertakari tamalgarri honen aurrean, Aralarko Baserritarren elkarteak, ENBA-EHNE sindikatuok eta Abaltzisketako zinegotziok, elkarrekin, hauxe plazaratu nahi dugu:
- Irmoki gaitzesten dugu Aralarren zegoen behia tiroz akabatzea eta gure elkartasuna helarazi nahi diogu behiaren jabeari, hau da, Jon Zubizarretari.
- Ozen eta publikoki adierazi nahi dugu bestalde, behia tiroz akabatzea, Aralarko mendiko abeltzainen aurkako erasotzat hartzen dugula.
- Bestalde, Jon Zubizarretaren aberea hautatzean, argi dugu, Aralarko mendian dihardugun baserritarron bizimodu eta lan baldintzak duinak izateko diharduen jendea zigortu nahi dela, hori baita, baserritarron bizimodu eta lan baldintzak duinak, Jonek irudikatzen duena.
- Ekintza gaitzesteaz gain dei berezia egiten diogu Enirio-Aralar Mankomunitateari bere jabetzako mendian izandako ekintza penagarria gaitzetsi dezan, are gehiago, ikusirik, Jon, Abaltzisketako alkate den heinean, Mankomunitateko juntako partaidea dela. Bestalde, Enirio-Aralar Mankomunitateko lursailetan gertatu denez, aberearen galeragatik abeltzaina konpentsazioa bere gain har dezala eskatzen dugu.