AGROSEGUROko ganadu asegurua zeharo berritu da uztailetik aurrera eta sartutako berrikuntzekin, abeltzain bakoitzak, bere beharretara moldatzeko aukera ematen du sistema berriak. Hori bai, horretarako ezinbestekoa da aseguruaren nondik-norakoa ezagutzea.
Helburu honekin ENARO kooperatibak batzar informatiboa antolatu du Azaroaren 16an (asteazkena) Tolosako ENBA-ENAROren egoitzan, goizeko 11tatik 13tara. Hizlari gisara bai AGROSEGUROko bai MAPFREko ordezkariak izango dira. Animatu!
Baserria eta hiria, baserritarrak eta hiritarrak gerturatu eta elkar hobeto ezagutzeko asmoz, euskal gizartearen bi alde hauen arteko zubigintza lanak egingo dituen ONGI ETORRI BASERRIRA webgunea edo plataforma digitala ari gara sustatzen.
Bertan baserriko kultura ezagutzera eman nahi dugu, elikagaien kontsumo arduratsua bultzatu, nola ez, batez ere bertako produktuak, azoka, merkatu eta hainbat ekimenen agenda eta bide batez, baserritarrek ekoiztutako elikagaiak ezagutzera eman nahi ditugu eta hain zuzen horrexegatik jartzen gara zurekin harremanetan, zeuk edo zeuk ezagutzen duzun ekoizle, kooperatiba, elkarte, etb.-en berri guri helarazteko.
On-line salmenta egiten duten baserritarren zerrenda edo gida osatu nahi dugu eta baita ere, ohiko salmenta zuzena edo gertukoa behintzat egiten duten baserritarren gida (web, telefonoa, helbidea,...).
Honezaz aparte, oso garrantzitsutzat jotzen dugu, kontsumitzaileei baserritarren ekoizpenean ematen ari diren berrikuntzak (gazta berriren bat, txakolin berezia, etiketa aldaketa, arrautza marka berria, formato berriztatua, ...) eta bide batez, zuk interesgarriak jotzen duzun informazioa helaraztea.
Gure asmoa, maiztasun jakin batekin (astean edo 15 egunean behin) bere interesa agertu duten kontsumitzaileei newsletter moduko bat bidaltzea litzake eta bertan, atal bakoitzeko (agenda, kontsumo aholkuak, elikadurako arauak, baserriko ekoizpen berrikuntzak, ...) nobedadeak edo berri garrantzitsuenak txertatzea.
Ekimen hau ENBAk bultzatzen du KUTXA Fundazioaren laguntzari esker eta baserritar, nahiz partikular nahiz elkarte, kooperatiba, etb guztiei zabalduta dago, inongo konpromezurik gabe eta inongo kosturik gabe.
Informazioa bidaltzeko: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.
Edozein kontsulta edo zalantza argitzeko: 699.467686 (Xabier Iraola)
Pasa den ostegunean legez kanpoko produktuekin (beta-antagonistak eta dexametasona) ganadua gizentzen aritzeagatik hamalau pertsona atxilotu zituztela jakin ahal izan genuen. Dena den, 2014. urte bukaeran hasi ziren ikerketa honekin eta komunikabideek jakitera eman dute osasunarentzako kaltegarriak eta legez kanpokoak diren produktuekin gizendutako 1,3 milioi haragi kilo komertzializatu zirela 2015ean zehar. Nora joan da haragi hori? Nola utz dezakete jendeak haragi hori kontsumitu dezan pozoinduta dagoela jakinda? Praktika horiek errotik moztu behar dira eta kontsumitzailearentzako berme bakarra kalitate markak dira, izan ere, kontrol sistema zorrotzen baitan funtzionatzen baitute.
Onartezina da bi urtetan zehar praktika horiek ez gelditu izana eta jendartea pozoitzen utzi izana. Arduragabekeria galanta da administrazioak erakutsi duena eta lotsagarria kontu honetan hainbat albaitari eta hiltegi nahastuta daudela ikustea. Haragi hori merkatutik berehala erretiratu behar zatekeen gertatzen ari zena jakin bezain pronto.
Euskal Herriko abeltzainok kalitatearen aldeko apustua egin izan dugu beti. Edozein irregulartasun antzematen duten kontrol sistema zorrotzak ditugu eta salatzen ditugun praktika horiek ekiditeko balio dute. Bertako harakinek ere kalitate markaren baitan gizentzen den haragiaren aldeko apustua egin izan dute, haragi bikaina eskaintzeko aukera ematen dielako. Kalitate marken bidez konfiantza eskaintzen dugu eta ez dugu inor ez pozoitzen ezta engainatzen ere.
Jendarteari dei egin nahi diogu errepara diezaion erosten duen haragiaren etiketari eta gogorarazi kalitate markak direla haragiaren jatorria, kontrol sistemak… bermatzen duten bakarrak. Hori da zer jaten ari garen jakiteko bide bakarra.
Kontsumo arduratsua egiten badugu inork engaina gaitzan ekidin dezakegu: gure osasuna zaintzea lortuko dugu, ingurumena, landa ingurunea, baita gure ekonomia ere.
Europako Batzordeak, uztailaren 18an ospatutako Nekazaritzako Ministrarien Kontseiluan nekazal merkatuen egun bizi duten krisialdiari aurre egiteko laguntzen sorta berria aurkeztu zuen.
Onartutako neurrien artean, deigarriena esne ekoizpena gutxitzeko laguntza bada ere, ustialekuek bizi duten ittolarria leuntzeko Europako laguntza zuzenen aplikazioan nolabaiteko malgutasuna proposatzen da, hain zuzen ere, urriaren 16tik aurrera laguntza zuzenen %70 eta lurrari lotutako landa garapeneko laguntzen %85a aurreratzeko aukera eskeiniz.
Beraz, ENBA nekazal sindikatuak, datozen hilabeteetan Euskadik bizituko duen hauteskunde giroaz jabeturik eta administrazioak garai hauetan bizi ohi duen geldotasunaz kazkaturik, Eusko Jaurlaritza eta hiru Aldundiengana jotzen du, Europako Batzordeak ahalmentzen duen aukera lehenbaitlehen gauza dezaten eta Europak berak dioen bezala, ohiko kontrolak amaitu gabe ere, laguntza zuzenen %70aa eta lurrari lotutako landa garapen laguntzen %85aren ordainketa aurrera dezaten.
Espero dugu, aurtengoan, aurreko urteetan ez bezala, Euskadik kudeaketa bizkor eta eredugarria erakutsiko duela.
Asteburu honetan ospatu dugu ONGI ETORRI BASERRIAren hirugarren edizioa eta eguraldi kaxkar xamarra izan arren, arrakasta sekulakoa izan da eta zabaldutako 25 baserrietan, gutxigorabehera 520 bisitari izan genituen eta azken balorazioaren zain bagaude ere, esan beharrean gaude oso pozik geratu direla bai bisitariak bai baserritarrak.
ENBA bezala gure eskerrona agertu nahi diegu, lehen lehenik, ekimenean partehartu duten baserritarrei, gure baserriak ezagutzeko interesa agertu duten 520 bisitariei eta nola ez, bidelagun izan ditugun babesle (KUTXA Fundazioa) eta laguntzaileei (KAIKU Korporazioa, Urkaiko, Basatxerri, Euskaber, Lumagorri, NEKATUR, NIREA, BM, Eroski, Diario Vasco, El Correo).
Uztailaren 15ean amaitzen da argazkiak eta balorazio inkestak bidaltzeko epea eta uztailaren 19an ospatuko dugu NEKATURek eskeinitako BONUS FUCSIAren (nekazalturismoa batean 4 lagunentzat 2 gauetako egonaldia) zozketa.
Informazio eta argazki guztiak www.ongietorribaserrira.eus webgunean jasoko dira.