Gaur goizean, Gipuzkoako ENBA nekazal sindikatuak bere Ohizko Batzarra ospatu du Urnietako Salesiarretan. Batzarrean Urnietako alkatea, Mikel Pagola; Foru Aldundiko zuzendariak diren Xabier Arruti eta Arantxa Ariztimuño; Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako zuzendaria, Ikerne Zuluaga ; ENBAko bazkideak eta nekazal sektoreko hainbat entitatetako ordezkari izan dira.
Sektoreko hainbat datu eman ostean, Iñaki Goenaga lehendakariak dei argia egin du mendialdeko lurraldean barreiatuak dauden familia ustialekuen alde eta hauen aldeko politikaren beharra azpimarratu du.
Goenagaren esanetan, famili baserriok indartzeko egiturak eta proiektuak sustatu eta bultzatu behar dira baina ez, lurraldean sakabanatuak dauden baserriak ordezkatzen saiatzen diren proiektuak, ekonomiaren ikuspuntutik oso lehiakorrak izan arren.
Batzarraren ostean, BASERRITARRON LAGUNA saria eman zaio AMAMA filmako zuzendaria den Asier Altunari, bere lan ezberdinetan baserria eta baserritarren aldarria egiteagatik.
(Argazkia: ARGIA Aldizkaria)