Gaur goizean, Urtarrilak 30, ENBA nekazal sindikatuak bere XXXIV. Batzarra ospatu du Hernaniko Orona Fundazioaren egoitzan eta bertan elkartu dira baserritarrak, lagunak, sektoreko eragileak eta herri agintariak. Sarrerako salutaz gain ENBA nekazal sindikatuak elkarteko eta ENARO kooperatibako dirukontuak onartu ditu.
Batzarra formalki amaitu eta gero, BASERRITARRON LAGUNA Saria eman da, aurtengoan, bere zazpigarren edizioan, Euskal Zuzenbide Zibilaren legeari buruzko sustatzaileak sarituz eta horretarako, Eusko Legebiltzarreko presidenta den Bakartxo Tejeria, Zuzenbidearen Euskal Akademiaren presidente den Andres Urrutia eta ENBAko abokatua zen Pili Zubiarrain izan dira izendatuak eta pertsonalki jaso badute ere, Pili Zubiarrainen kasuan, maiatzean hil zenez, bere ahizpak, Ana Zubiarrainek jaso du.
Sarituei egindako aitortzan, pertsona eta entitate ezberdinen arteko elkarlana eta indar metaketak bere fruitua eman zuela azpimarratu da eta horren islada, orain 10 urte bete berri duen Euskal Zuzenbide Zibilaren legea dugu, berez hain txikia den baserria eta hain berezkoa dugun minifundismoari aurre egiteko tresna ezinhobea bilakatuz.
Batzarraren itxieran, Iñaki Goenaga, ENBAko presidenteak, agintariak aurrean zituela, egungo gizartean zaintza eta zaurgarriekiko begirunea gure gizartearen erdigunean jarri ditugun garai honetan, baserri munduaren zaurgarritasuna jarrri du mahaigainean bai gure egiturak txikiak direlako bai gure baserrien errentagarritasuna, salbuespenak salbuespen, kolokan dagoelako, are gehiago, gazteak erakartzeko moduko ogibidea lortu nahi baldin badugu.
Bestalde, Goenagaren esanetan, zaintza azpimarratzen da behin eta berriro, eta gaurkoan, baserritarrok gure eguneroko jardunarekin egiten dugun lurraldearen zaintza jarri du balioan, gizarte osorako egiten dugun ekarpena, eskergaitza gehienetan eta tamalez, inor gutxik aintzat jotzen duena.
“Baserritarrok gure eguneroko lanarekin, baratzak, mahastiak, frutarbolak, belardiak baina baita ere gure basoak zainduz eta kudeatuz, gipuzkoar guztien mesederako onurak eta abantailak ematen ditugu eta uste dut, iritsi dela, gizarteari egiten diogun ekarpena kontuan izan eta baserritarrei beharrezko den babes sarea eratzeko.
Babes sare berria eratzeko, gipuzkoako jendarte zein erakundeen konpromezua dugu ezinbestekoa, gaur egun dugunaz haratago joango dena. Aurtengoan, fiskalitatearen alorrean urrats garrantzitsua eman da eta eskertzen dugu. Baina, tamalez, babesa haundiagoa eta zabalagoa behar dugu, baserri munduari eutsi eta etorkizuna eman nahi badiogu.” esan du, hitzez hitz, Iñaki Goenagak