ENBA/ Gaur Donostian izan gara, Aralarko Baserritar Elkartea eta EHNErekin batera, Aralarko abeltzainen onerako egindako bide bat egiteko aldeko botua eman eta ekologistek auzitara eramandako 7 udal hautetsiei, eta hauekin batera beste 9 teknikari eta foru arduradunei, gure babesa eta eskerrona emateko.

Aralar Bizirik!

Abeltzainok zutik!

Abeltzainok eta herri ordezkariak elkarlanean!

Gaurko agerraldian Udal hautetsiek irakurritako idatzia irakurri nahi izanez gero, JARRAITU

 

ARALARKO MENDI BIDEEN AUZIAN AUZIPETUTAKO 7 UDAL ORDEZKARIEK PRENTSAURREKOA ESKAINI DUTE GAUR BERE INDEFENTSIO EGOERA SALATZEKO

-     Auzipetuek salatu dute Enirio-Aralar Mankomunitatean demokratikoki hartutako erabaki bategatik daudela auzipetuta eta Mankomunitateko Lehendakariari helarazitako babes eskaerek ez dutela erantzunik izan.

-     Agerraldian izan dira baita ere EHNE eta ENBA nekazal sindikatuak eta Aralarko Baserritarren Elkartea, auzipetuei bere babesa adierazteko.

Prentsaurrekoa eskaini dute gaur aurreko legealdian Enirio-Aralar Mankomunitatean udal ordezkari izan ziren Aloña Urretabizkaia Aramako udal ordezkariak, Iñigo Olano Altzagako udal ordezkariak, Elena Ruiz Beasaingo udal ordezkariak, Ainhoa Zuriarrain Amezketako udal ordezkariak, Aitor Altuna Lazkaoko udal ordezkariak, Jon Zubizarreta Abaltzisketako udal ordezkariak eta Jose Miguel Santamaria Ordiziako udal ordezkariak.

Bertan salatu dute, “Enirio-Aralar Mankomunitatearen baitan mendi bide bat egokitzearen aldeko bozka emateagatik auzipetuak” izan direla eta azaldu dute, bere “egoera pertsonalaren berri eta gertatzen ari den injustiziaren inguruko azalpenak emateko” deitu dutela prentsaurrekoa. Agerraldian izan dira, halaber, EHNE eta ENBA nekazal sindikatuetako eta Aralarko Baserritarren Elkarteko kideak, auzipetuei bere babesa adierazteko. Auzipetuek gaia kokatzeko azalpen batzuk eman dituzte lehenik eta behin:

-     Enirio-Aralar Mankomunitatea Gipuzkoa hegoaldean kokatzen den toki erakunde bat da. Hamabost udalerriz dago osatuta eta bere eginkizun nagusia bertako basoak eta goi larreak mantentzea eta kudeatzea da.

-     Enirio-Igaratza arteko bidea egokitzeko lanak egitearen aldeko bozka eman genuen, aurrez Enirio-Aralar Mankomunitateak, Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako Plan batean oinarrituta.

-     Lan horiek egiteko burutu den prozesu administratibo osoan ez da kontrako txosten tekniko edota juridikorik izan.

-     Eguzki eta Landarlan talde ekologistek bide penaletik salatu gaituzte, Ingurugiroaren eta Lurralde Antolaketaren aurkako ustezko delituengatik. Hilabete barru ikertu gisa deklaratzera joan beharko dugu Tolosako Epaitegietara. Ezin gara ahaztu gure antzeko egoeran dauden Mankomunitateko idazkaria, 4 teknikari eta Aldundiko politikariekin ere. Hamasei guztira, hamasei pertsona auzipetuak mendian mendi-bideak egokitzeagatik.

Auzipetutako udal ordezkariek adierazi dutenez, “indefentsio egoera honen aurrean, zazpi auzipetuok Enirio-Aralar Mankomunitateko Lehendakariari bitan zuzendu gatzaizkio laguntza eske; gure defentsa juridikoaren kostuak Mankomunitateak bere gain hartzeko eskatuz, Mankomunitatearen baitan demokratikoki hartutako erabakiak izan baitira auzitara eraman gaituztenak. Eskari honen aurrean ez dugu inolako erantzunik jaso Mankomunitateko lehendakariaren aldetik, nahiz eta jakin badakigun 15 Udaletara korreo elektroniko bidez zuzendu dela, oraindik ere gure kezka eta babes eza areagotuz” eta azaldu dute, borondatea izanez gero, Mankomunitateak auzipetuei babes ekonomikoa emateko ez dagoela arazo juridikorik.

Agerraldia amaitzeko, egoeraren balorazioa eta eskaera bat egin dituzte. Gertakari aurrean egiten duten balorazioa da, “zazpi udalerrietako ordezkariak bozketa bategatik auzipetuak” izan direla eta “demokratikoki hartutako erabakiak gustukoak ez izan eta horien zentzua aldatzeko epaitegietara jotzea ez dela onargarria”. Gaineratu dute, “egoera honen aurrean Mankomunitateko Lehendakariaren isiltasuna defizit demokratiko larria” dela eta herri ordezkariak “indefentsio egoera batean” jartzen dituela. Azkenik, Enirio-Aralar Mankomunitateko lehendakariari eskatu diote “hirugarrenez eta públikoki”, bere eskariei lehenbailehen erantzun diezaiela eta “auzipetuon babes juridikoaren kostu ekonomikoa Enirio-Aralar Mankomunitateak bere gain hartu dezala”.